Garraxi: “Bezeroekin zintzoak izatea gustatzen zaigu, benetan on egiten dien janzkia eros dezaten”

Garraxi arropa denda Arrasateko Zarugalde kaleko 10. zenbakian dago eta Eider Bolinaga da dendako arduraduna. Eiderrek duela 18 urte ireki zuen Garraxi. “Denda aldatu egin da ireki zenetik orain arte, gustuen eta modaren arabera.” Eiderrekin batera dendan Vanessa Barrancak ere lan egiten du. Denda zabalik dago astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat goizetan 10:30etik 13:00etara.

Garraxi arropa dendan adin askotarako emakumeentzako arropa aurkituko dugu. “Publiko gazteago batentzat diren marka batzuekin lan egiten dugu, baina publiko helduago bati zuzendutako beste marka batzuekin ere. Hori bai, patroi eta koloreei dagokienez azken joerak jarraituz lan egiten dugu beti.”

Garraxin askotariko markak aurki ditzakegu. Paristik Grace and Mila markako diseinuak ekartzen dituzte, baita Compañia Fantastica estatuko enpresarenak ere, estanpatu oso indartsuekin lan egiten duena, eta Iparrandetik Kaffe firmarekin, diseinu serioagoak eta minimalistagoak dituena.

Osagarriak ere aurki ditzakegu Garraxin. Poltsei dagokienez, Mercules enpresa bilbotarrak eskuz egindako larruzko poltsak, gerrikoak, txanoak edo Donostiako Lazpiur markako belarritakoak aurkitu ditzakegu. “Ahal den neurrian, hemengo marken aldeko apustua egitea gustatzen zaigu.”

Hiruzpalau astean behin produktu berriak aurki ditzakegu Garraxin. “Denbora gutxian arropa berriak dendara ekartzea gustatzen zaigu, eta hiruzpalau urtean behin firma berri bat sartzea. Modaren mundua oso azkar aldatzen da. Marka batzuk denboran zehar mantentzen dira, baina beste batzuk aldatuz joan behar dira, modan jada ez daudelako.”

Eiderrek ondo ezagutzen ditu modaren joerak. “Aurten modan daude bakeroak, bai gonetan, bai galtzetan, kolore guztietan. Kontrastatzeko, kolore biziak ere oso modan daude, hala nola berdea, laranja, fuksia eta estanpatuak. Bestalde, navy diseinua, marradun kamisetak, denboran zehar mantentzen den modeloetako bat da.”

Garraxiren udazken-neguko produktu izarra jertseak dira. “Gehien saltzen dugun janzkia da. Bezeroek estanpatu, kolore edo ehun ugaritako jertseak aurki ditzakete. Hala ere, udaberri-udako denboraldian kamisetak dira janzki nagusiak.”

Garraxik saltzen dituen produktuak denda bisitatzen ezagutzeaz gain, bere sare sozialetatik ere ezagutu daitezke. Laster euren produktuak ikusi eta erosteko web orria ere martxan izango dute. “Oso aktiboak gara batez ere Instagramen (Garraxishop), eta horrek aukera ematen die bezeroei beren etxeetatik dendan daukaguna ikusteko, aukeratzeko eta erostera etortzeko. Baina badira beste bezero batzuk, sare sozialik ez dutenak edo dendara etorri eta zer erosi nahi duten aukeratzea gehiago gustatzen zaienak. Gainera, batzuek aholkua eskatzen digute.” Eiderrek azpimarratu nahi izan du “guk ondo ezagutzen ditugu ekartzen ditugun arropak, eta esan diezaiekegu hori dela hobekien geratuko zaiena. Alde horretatik, gure bezeroekin zintzoak izatea gustatzen zaigu, benetan ondo sentituko diren janzkia eros dezaten.”